XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Ba daukat, ba daukat! dio oihuka.

Satorra harrapatu egin dut! Ui! zein bizkorra da.

Ihes egin nahi du!.

Mertxek latorrizko pote handi bat ekarri du eta Asierrek hantxe jartzen du satorra.

Beltz beltza da, eta ile fin eta guria du.

Musturra, satitsuarenaren modukoa da, luzea, sudurtziloak ertzean, ondoan bizar batzu dituela.

Ez du, itxuraz behintzat, belarririk, eta begirik ere ez zaio agertzen.

Aurreko hankak laburrak dira, baina esku handi eta zapalak ditu, lurrean zuloak egiteko hatzazal sendoez hornituak.

Atzeko hankak meheak dira, sagu batenak bezalakoak.

Azkenean buztantxo barregarri bat du, zuriska eta ile gutirekin.

Satorra ez da gelditzen potean, drak-drak-drak, bere aurreko hankekin latorrian hatzaparka ari da.

Umeak Anttonen talderantz abiatzen dira poz pozik.

- Antton, Antton! Sator bat harrapatu dugu - hots egiten dute.

- Eta guk beste bat -erantzuten die Jurgik; Anttonek haitzurraz lurpetik bizirik atera du eta!.

Talde biek sator bana; hauxe bai ehizaldi ederra! Anttonek, harrapaketa hau hospatzeko, bost lagunak bere etxera daramatza, esne edo eta txakolin basokada batzu edateko.

Baserrian Joxe dago, Anttonen aita, bere pipa erretzen.

Gizon zaharra da Joxe.

- Zer dakarzue, adiskideok?- galdetzen die irribarrez.

- Bi sator, jauna - erantzuten dio Asierrek.

Horko zelaiotan harrapatuak ditugu, eta bizirik daude.

- Satorrak? Eta bizirik gainera? Piztia gaiztoagorik horregatio!- diotse zaharrak haserrez.

Horik guztiok hiltzea hobe.

Kalte besterik ez dute egiten eta.

Patatak, harbiak eta artoen sustraiak jan egiten dituzte satorrek.

- Gure liburuak ez dio holakorik - dio Jurgik.

Gainera, satorrak onak omen dira.

Lurpeko zizare eta koko kaltegarriak jaten baitituzte.

- Satorrak! onak? Utikan laguntxoa! Hik ez dakik asko nolako lorrinak egiten dituzten piztitzar horiek: landareen sustraiak jan, mindegiak nahasi, belardiak lur pilaz bete... eta onak direla diozu gero?.